XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Marinak haurrik eztu. Haur bat nahi du. Nahi.
Marinak negar egiten gogotik euriak kukutzen baitu.
Marinak ñiniak ikusten dituelarik oihu egin lezake.
Karrasi.
... Bertze argazki bat. Neska ttipi loriagarria. Aingeru
bat. ahoz goiti. Hila. Begiak ez arras hetsiak. Hila...
Hotz du. Eztu Gernikaz orhoitu nahi. Eztitu
Gernikako haur hilak ikusi nahi. Iduritzen zaio erotuko
dela. Laster egiten du hondartzan. Eztezakezue deus
haren kontra. Deus. Fitsik. Laster egiten du.
...Zerutik ere etor daitezke. Zerutik ere. Zerutik etorri
ziren Gernikan. Zeru eragotzia...
Marina ezpondaren bide hertsira ailegatu da. Gaur
ezta iduzkirik ikusiko.Xirimirri. Euri erridaua.
Hezurretaraino sartzen den horietakoa. Gaueko
altzairuzko oihuak, kristalezko karrasiak, nabal
xorroxtatuzko oinazeak egunsentiak eztizkio goxatu.
Euri erridaua. Hondarribiko argidorre distirantak itsaso
iluna argitzen du aldizka. Eguna oraino egun eztenean.
Marinak gatzaren gusto mingarria senditzen du
zintzurrean.
...Apirilaren hogoitaseia zen. Astelehen arratsalde goxo
batez, marrats-lore pikor ubel argista usaintsuak
zabalduak zirelarik. Primaderan...